Gaitasunen lanketa

Luberri Linux sistema diseinatuta dago irakasle eta ikasleen betebehar gehienak asetzeko instalazio masiboak egin beharrik gabe, Lehen Hezkuntzatik hasi eta Batxileratoraino. Orri honetan ikusiko dugu zer aplikazio eta nola erabili daitezkeen ikasleen gaitasunak lantzeko eta irakasleen jarduera laguntzeko.

Edukiak euskaraz egotea garrantzitsua da baina horiek ikusi, editatu eta lantzeko aplikazioak euskaraz egotea oinarrizkoa da, eta Luberrin aplikazio guztiak euskaraz daude.

Aurkibidea

Irakurketa gaitasuna

Irakurketa arreta berezia eskatzen duen konpetentzia da. Antza denez, digitalizazioarekin batera ikasleen irakurtzeko gaitasunak, oro har, behera egin du. Pisako proben emaitza txar askoren kausa, sarritan, ikasleek enuntziatuak ulertzeko duten zailtasuna omen da. Digitalizazioak eskuragarri jartzen die ikasleei inoizko irakurgai aukera zabalena, baina “infoxikazioak”, pantailetan testua azkar korritzeak, kontzentraziorako egokiak ez diren egoeretan irakurtzeak eta prokastinazioak besteak beste kalte egin diote ulertzeko eta irakurritakoa hausnartzeko gaitasunari. Badira, ordea, Luberrin irakurketaren ulermena eta analisia bultzatzen duten hainbat tresna, hala nola, hiztegiak, oharrak hartzeko tresnak, eskemak eta kontzeptu-mapak egiteko aplikazioak… Ikus ditzagun batzuk:

Txikienekin hasita Gcompris jolas hezitzaileen paketeak badu atal bat letrak eta hitzak ezagutzeko eta hiztegia zabaltzeko.

Ordenagailuetan irakurgaien ohiko euskarriak dira web-orriak eta horiek irakurtzeko Luberrik hobesten duen nabigatzailea Firefox da. Nabigatzaile honek irakurketan kontzentratzeko tresna garrantzitsua du: irakurtzeko ikuspegia. URLen espazioaren eskuin aldean dagoen trepeta honek web orritik testua erauzi, arreta galarazten duten elementu guztiak kendu eta testua irakurtzeko letra, zabalera eta lerrokapena eta abar egokitzeko parada ematen du.

Horretaz gain, Luberrirako Firefoxek irakurketa laguntzeko bi gehigarri instalatuta ditu: batetik Euskalbar, hiztegi eta corpus multzo handi bat eskaintzen duen tresna, eta Adblock Plus iragarkien blokeatzailea.

Dislexia duten ikasleentzat Irakurle Digitala TTSa -testuak irakurtzen dituen gehigarria- instalatu daiteke.

Web orriekin batera, PDF dokumentua da testuak irakurtzeko euskarri nagusia, nolabait esateko, fotokopien ondorengoa. PDF formatuak badu paperaren aldean hainbat abantaila, esate baterako banatzeko erraztasuna, terminoen bilatzeko aukera, aurkibidea denbora guztian begi-bistan eduki ahal izatea, laster-markak egitea… Edonola inportantea da paperean irakurtzean ezinbestekoak diren arkatza, fosforitoa edo post-it oharren ordezkoak ezagutzea:

Evince dokumentuen ikustailea da PDFak irakurtzeko aplikazio lehenetsia oso arina delako. Hala ere, testua bilatzeko eta laster-markak egiteko aukera ematen du eta testua nabarmentzeko eta post-it tankerako oharrak idazteko ere bai.

Xournal++ aplikazioak, arbel zuria eskaintzeaz gain, PDF baten gainean edonolako nabarmentzeak, testuak eta formak eta irudiak eransteko aukera ematen du pantailan zein monitore digitalean. Fitxategia > PDF oharrak.

Testuak irakurtzeko hirugarren formatu nagusia liburu elektronikoena da, gehienetan epub formatuan. Horrelakoak irakurtzeko Luberrik badu berariazko aplikazio bat: Foliate. Ordenagailua liburu elektroniko edo ebook gisa erabiliko dugu eta testua hautatu eta aukera oso interesgarriak eskaintzen ditu: termino bat hiztegian edo Wikipedian bilatzea, pasarte bat edozein hizkuntzatik itzultzea, testua ahoskatzea…

Testuaren formatua edozein dela, ulermenerako oinarrizko tresnak dira hiztegiak, itzulpenak, eta eskemak. Hona hemen Liberri sistemak dituen aplikazio osagarri batzuk:

Hiztegien artean lehen Firefoxerako Euskalbar gehigarriaz gain GoldenDict aplikazioak hiztegi osatua eskaintzen du euskara, zein beste hizkuntzetarako.

Itzulpenak egiteko Crow Translate oso tresna baliagarria da. Martxan dagoela (abioan arrankatzeko ezar daiteke) edozein aplikazioan dagoen testua hautatu eta Ctrl+Alt+E egiten dugun une berean emango digu haren itzulpena.

Testuak luzeak direnean, haien edukiaren ideia nagusiak erauzteko, elkar lotzeko eta antolatzeko oso baliagarriak dira hainbat motako eskemak: ideia mapak, koadro sinoptikoak, kontzeptu-mapak… Horiek egiteko Luberrik hiru aplikazio ditu: Freeplane (Freemind-en ondorengoa) ohiko eskemak egiteko, Draw-io eskema libre eta diagrama-fluxuak egiteko eta kontzeptu mapetan zentratutako Heimer.

Freeplane bidez sortutako koadro sinaptikoa

Idazketa gaitasuna

Idaztea komunikatzeko eta ezagupenak finkatzeko modua da ere bai, eskuz zein teklatuz. Umeen kasuan eskuzko idazketa lehenetsi behar bada ere, komeni da lehen hezkuntzan teklatuko letren kokapena ezagutzea.

Xournal++ aplikazioan orri zurian edo koadrikulatuan idatzi daiteke eskuz arbel edo monitore digitalean edo ordenagailuan tableta digitalen bidez.

Gcompris, teklatu eta saguaren atalean, baditu letrak ezagutzeko ariketez gain eta prozesadore sinple bat.

Bigarren hezkuntzaren hasiera izan daiteke une egokiena teklatuan ondo idazten ikasteko, alegia hatz guztiak erebilita eta teklatua begiratu gabe. Kontzentrazio eta diziplinaz eginez gero 20-30 ordu nahikoa izan daitezke horretarako. Luberri sistemak mekanografia ikasteko aplikazio interesgarria du: Ktouch. Aplikazio honek erabiltzaileari profil bat sortzen dio eta komeni zaizkion ariketak proposatzen dizkio. Ariketak eta laguntza-testuak eta abestiak euskaraz daude.

Testu prozesadore gisa Luberrik LibreOffice Writer erabiltzen du: funtzionalitatez beteta, euskaraz goitik behera, laguntza eta zuzenketa ortografikoa barne. Formatu guztiak onartzen ditu eta nahi den formatuan gorde daiteke.

Dokumentazioa aurkezteko testu-prozesadorea egokia bada ere, norberaren lanetarako praktikoagoa izan daiteke oharrak idazteko Zim Wiki aplikazioa; dena koaderno batean ondo antolatuta eta bilaketa tresna ahaltsuarekin.


Matematika, zientzia eta teknika gaitasuna

Alor honetan ere Gcompris lehen hezkuntzarako zenbaketak, aritmetika eta neurriak (pisua, ordua, dirua…) lantzen ditu

Kalkulu arinetarako kalkulagailua erabil dezakegu. Modu arrunta, aurreratua eta programaziorako modua ditu. Garai batean ohiko eztabaida zen ikastetxeetan kalkulagailua erabili behar ote zen. Egun, kontsentsu handia dago matematika eta bere mekanika manipulatuz eta paperean ikasi behar dela, batez ere adin txikikoen kasuan, eta digitalean garatu. Hurrengo tresnek digitalizazioa matematikaren irakaskuntza ekarpen handia egiten diote.

Kbruch aplikazioa oso lagungarria da zatikiak ikustarazteko eta haiek lantzeko.

LibreOffice Calc eta orokorrean kalkulu orriak, ezinbesteko tresna dira lantoki eta laborategi guztietan. Notazio matematikoa, aldagaiekin lan egiteko aukerak, eta funtzioak, estatistikak eta abar grafikoen bidez adierazteko oinarrizko tresna da. LibreOfficeko aplikazio guztiek notazio matematikorako TeX formatuarekin bateragarria den ekuazio editorea dute.

Geometria arloan digitalizazioak aurrerapen handia ekarri du: konpasa, erregela eta eskuaira baztertu gabe, geometria digitalak, eta horretan Geogebra aplikazio nagusia da, aukera handia ematen du esperimentatzeko, parametro guztiekin “jolastuz” eta geometriarekin gozatuz. Luberrik Geogebra offline eskaintzen du, konexiorik gabe erabili daitekeelako.

.

Matematika, irudigintza, sormena, estetika, funtzionalitatea… zer ez du lantzen SweetHome3D aplikazioak, bakarka edo taldean gelak, etxeak, espazioak diseinatuz “egiten ikasi” praktikatzeko tresna bikaina.

LibreCAD bi dimentsioko marrazketa teknikoa praktikatzeko aplikazio txukuna da. Norbaiti motz geratzen bazaio edo 3Dn beste modu batez lantzeko FreeCAD edo Blender instalatu daitezke.

Matematika, irudigintza edo istorio audiobisualak kontatzeko modu desberdin bat eskaintzen du Scratch: moduluen bidezko konputazioa. Ikasleek pentsamendu konputazionala eta algoritmoak ikasten dituzte narratiba, musika eta beste arloak garatzen. Hau ere offline bertsioa da Internetik gabe erabili ahal izateko.

Kimikaren laban suitzarra da Kalzium: taula periodikoa, eta hainbat tresna. Haren osagarri gisa Molview molekulen editorea gehitu dugu.

MolView lineako molekula editoreaMolView pantaila argazkia

Zigotebody web-aplikazioak gorputzaren anatomia hiru dimentsiotan aztertzeko aukera ematen du; hezurrak, giharrak, organoak, sistemak…Zigotebody pantaila-argazkia

Berria ikasgelak egunkariaren hemerotekan oinarrituta hezkuntzarekin lotutako gaien inguruko artikulu hautatuak eskaintzen ditu lanketarako prestatuta.


Geografia gaitasuna

KGeography aplikazioa kontinente eta estatuen geografia politikoa ikasteko laguntzen du. Kontinente, estatu eta erregioen izenak, banderak eta hiriburuen informazioa eta ariketa mota desberdinak ditu. Munduko izen guztiak euskaraz.

Mapen informazioa Interneten dago. Gehienetan Web-orrien bidez kontsultatzen dira baina Mapak aplikazioak azkar batean OpenStreetMap-en mapa eskaintzen digu.

Stellarium aplikazioak gauden tokiko eta uneko ortzia erakusten ditu eta haren xehetasunak ematen dizkigu: planetak, izarrak, konstelazioak eta abar. Behatzeko tokia eta unea alda daitezke eklipseak eta beste fenomenoak ikusteko.

Musika eta irudigintza gaitasuna

Musescore aplikazioak MIDI formatuko musika piezen partituren erreprodukzioa entzun eta ikusteko aukera ematen du eta musika partitura bidez konposatzeko, pintxo pintxo txirula soinuarekin jo edo dozenaka instrumentuko sinfonia bat konposatu.

Matematika atalean marrazketa teknikoari zuzendutako aplikazioak aipatu ditugu. Oraingoan artistikoarekin lotutakoak: txikientzat Tux Paint dugu bere efektu berezi eta forma eta irudi galeriarekin, Paint mitikoaren ordez Drawing dugu eta pintzel, akuarela, aerografo eta abarrentzat GIMP aplikazioa dugu. GIMP marrazkiak sortzeaz gain argazkien-moldaketak egiteko ere erabiltzen da. Dena den argazkien oinarrizko moldaketak, hala nola enkoadratzea, kontraste eta koloreen moldaketa Pix aplikazioaren bidez egiten ahal dugu errazago.

Aurrekoak bit-mapak lantzeko multzoan sartzen ahal dugu eta Inskcape aplikazioa marrazketa bektorialean. Azken hau logotipoak, kartelak eta antzekoetarako egokiagoa.

Komunikazio audiobisuala gaitasuna

OBS grabazio eta emisio aplikazio indartsua da. Haren bidez ikasleek sor ditzakete, besteak beste, Internet bidezko irrati edo telebista bat.

Audacity audio-editore ezaguna da. Grabazioak egiteko erabiltzen ohi da. Ikasleek erabili dezakete, besteak beste, podcast bat sortzeko.

Bi bideo editore ditu Luberrik: OpenShot bere sinpletasunagatik nabarmentzen da eta Kdenlive bere baliabideengatik. Hauen bidez ikasleek sor ditzakete laburrak, dokumentalak, stop-motions, elkarrizketak eta abar.

Irakasleentzako lanabesak

Ez dauka zentzu handirik bereiztea ikasleentzako eta irakasleentzako lanabesak baina aipatu gabe geratu diren aplikazio batzuk irakasleentzat oinarrizkoak dira:

Thunderbird Mozilla fundazioaren posta bezeroa da. Aukera ematen du hainbat posta kontu kudeatzeko eta haien artean partekatzeko kontaktuak eta sortzeko taldeak.

Ksnip pantaila argazkiak egin eta berauek editatzeko aplikazio aurreratua da. Bere editoreak etiketa, geziak, markagailu zenbakidunak, difuminatzailea eta beste tresna asko ditu. Pantaila argazkiak ezezik beste edozein irudi kargatu daiteke editatzeko.

Peek aplikazioak pantaila grabazioak egiten ditu GIF animazio formatuan. Animazio horiek edozein web orritan (Moodle, bloga…) txertatu daitezke irudi gisa.

Bideo-tutorialak egiteko Luberrik bi aplikazio ditu: batetik lehen aipatu dugun OBS eta VokoscreenNG. Lehenengoak aukera gehiago ematen ditu baina konplexu samarra da, bigarrena ordea oso sinplea da, pantaila kapturak eta, nahi izanez gero, bideo-kameraren irudiak gehitzen ahal zaizkie.

Xournal++ aplikazioa lehen aipatu dugu PDF dokumentuak markatzeko, PDF baten gainean erabili ordez orri zurian erabilita arbel digitala edo monitore interaktibo zein tabletetan atzamarra edo punteroaren bidez forma libre zein geometriko asko erabiltzen ahal dugu. Orri koadrikulatu, saredun eta partituradunak ere erabiltzen ahal dira.

Baina edozein aplikazio edo webgunean atzamarrez marrak eta bestelako eskuzko formak egin nahi badugu Gromit-MPX aplikazioa erabiltzen ahal dugu.

Lumi aplikazioaren bidez H5P ariketa interaktiboak diseinatu daitezke Moodletik kanpo. Zertarako? Moodle ez badugu erabiltzen ahal ditugu eta HTLM edo SCORM formatuan esportatuta edozein webgunean erabili. Eta, bestetik, erabiltzen ahal dute ikasleek H5Pak sortzeko, izan ere Moodlen irakasleek bakarrik sortzen ahal dituzte eta Lumiren bidez ikasleek asko ikasten ahal dute ariketa interaktiboak prestatzen.

eXelearning logoa

Exelearning, irakasleek unitate didaktikoak editatzeko aplikazioa. Testua, irudia, bideoak eta ariketak web formatuan eta Moodlekin bateragarria

Veyon ikasleen ordenagailuak monitorizatu eta eta kontrolatzeko. Irakaslearen pantaila edo ikasle batena aurkeztu, ikasleen pantailak ikusi, kontrolatu, blokeatu, itzali… Ikastetxeko sarearen erabiltzaile-taldeak eta ordenagailuen izenak konfiguratuta irakasleak aski du ikasle-taldea aukeratzea.Veyon pantaila-argazkia