Luberri 22.04.1 kalean da berrikuntza aipagarriekin

Luberriren bertsio berria deskargatzeko prest duzue jadanik. Berrikuntzaz beterik datorkigun bertsioa da:

  • Pakete guztiak eguneratu dira 2022-12-20 datarekin.
  • Domeinuan sartzeko eta karpetak mapatzeko script berria, SSSD* sistema erabiltzen duena zerbitzarian autentifikazioa egiteko, aurreko Open PBIS sistemaren ordez. Aurreko prozesua erraztu da datu gutxiago sartu behar baitira.
  • Script berri horrek automatikoki pam_mount fitxategia idazten du eskolako karpetak mapatzeko.
  • Hasierako animazioa aldatu da Luberriren logoa erakusteko
  • Instalazioaren aurkezpenak ere Mint-en ordez Luberri aurkezten du.
  • Hasierako GRUB pantaila euskaraz agertzen da.
  • Instalatzailea eta liveCDa ere euskaraz daude defektuz eta teklatua hegoaldean erabiltzen dugun distribuzioarekin (es) bat dator.
  • Firefoxek zenbait Laster-marka interesgarri dakartza defektuz erabiltzailea laster-marken tresna barra erabiltzen animatzeko. Euskalbar hizkuntza tresna eta propaganda blokeatzen duen Adblock Plus gehigarriak ere instalatuta datoz.
  • OpenShot bideo editorea bueltan da. Hirugarren bertsioa kaleratu dute eta garapena berriro aktibo baitago eta deb paketean hornitzen dute. Kdenliveren alternatiba erraz moduan oso baliagarria izan daiteke.
  • Sistemaren paneleko Cinnamenu (Aplikazioak) eta Places Center (Lekuak) appletak orain euskaraz daude.

(*) SSSDri buruzko informazio gehiago Red Hat-en dokumentazioan

Ventoy: USB memoria batean hainbat Linux distribuzio eramateko modua.

Linux distribuzioak instalatzeko prozedura izaten da .iso irudia distribuzioaren webgunetik deskargatu ordenagailura eta irudi horrekin instalazio USB bat sortzea. USB horiek sortzeko hainbat aplikazio dago, esate baterako Windowsen ezaguna den Rufus edo Linux distribuzio bakoitzak duen irudi-idazlea. Aplikazio hauek guztiek instalazio USBak sortzeaz gain USB hauek ere, kasu gehienetan, live USB gisa ere erabili daitezke, alegia ordenagailua martxan jartzen dute USBtik bertatik eta aukera ematen dute delako distribuzioa probatzeko.

USB memoria hauetan distribuzio bakarra izaten ohi dute. Ventoy aplikazioak, ordea, aukera ematen du USB memoria bakar batean hainbat sistema eragile live instalazioak izateko. Behin Ventoy instalatuta USB batean hainbat sistema -Linux zein Windows edo Mac- gorde eta aplikatu daiteke .iso irudia USB memoriara kopiatuta. Hau praktikoa da instalazio desberdinak -distribuzioak edo bertsioak- egiten ohi dituen teknikarientzat.

Eder Etxebarriak peertube.eus plataformaren bidez erakusten digu bideotutorial honetan nola sortu Ventoy USB bat eta nola kargatu hainbat sistema eragileen instalatzaileak.